Hiltzen naizenean egonen da
nire lauzaren gainean eskribu hau:
Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.
Pérez y López. Marmolistas. Derio.
Bizkaiko Bibliotekan ere egonen da
(deskomekatzen ezpanaute),
liburu bat (behar-bada, ezta seguru),
inork letuko eztuena,
nire izenarekin. Eta
gizon batek esanen du kardaberak loratzen
direnean:
“Nire aitak esaten zuen bezala, nik ere…”
(Andre bat etorriko zait Done Santuru oro
lore koroa batekin).
Jainkoak eztezala nahi Bilbaoko karrika bati
nire izenik eman dezaiotela.
(Ez dut nahi bizargile hordi batek esan dezala:
“Ni Arestin bizi naiz, anaiaren
koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua.”)
Batzutan esan zaharrak erratzen dira.
Pensatzen dut nire izena
nire izana dela,
eta ez naizela ezer ezpada
nire izena. Gabriel Aresti